Hemen zaude

Gaita eta gaita-jotzaileak

Egoki iritzi diogu gaitari atal berezia eskaintzeari, izan ere, bertako musika-tresnarik garrantzitsuena eta garapen handiena izandakoa eta duena baita, ez gure herrian bakarrik, baita Arabako Errioxa guztian ere. Eltziegoko artxibategietako idazkietan, eta erlijio ospakizunetako organoa salbu, XVII. eta XVIII. mendeetako ordainketa guztiak gaitak jaso ditu. Musika tresna hau ezinbestekoa zen herriko erlijio ospakizun eta jai guztietan.
XIX. mendean  eta XX.aren hasieran batez ere, askotan,  musika bandek hartu zioten aurrea gaitari, ikusgarriagoak baitziren eta oso modakoak. Baina gaitak eutsi egin zion herriko ohiko jaietako musika-protagonista izateari. Gure aiton-amonek esaten duten bezala “gaitarik gabe ez da jairik ”, eta esan beharrik ez dago, Eltziegoko herritar bakar batek ere ez lukeela ulertuko gure dantza zaharrak gaitarik gabe dantzatzea.
Sarreratxo honen ondotik, Gaita - gaiteroa - Eltziego harremana azalduko dugu.


Gaita XVII. eta XVIII. mendeetan

Udal-artxibategietan aurreko mendeetan dagoen dokumentazio falta dela eta, agiriak aurkitu ditugun mendeetako azterketa laburra eginen dugu. ez dugu uste gaiteroei eginiko ordainketen zerrenda egitea beharrezkoa denik, eta horregatik, lorturiko dokumentaziotik atera ditugun ondorioak, labur-labur, azalduko dizkizuegu.
Dirudienez, gaita-jotzailea kanpotik etortzen zen; hala adierazten dute behintzat, soldata eta otorduak ordaintzera bideratutako pagamenduek. Gainera, batzuetan zehaztu egiten da, “etorri zen gaiteroa” ( 1679 – 1680 urteak), eta diru-kopuruak gainerako urteetakoak bezalatsukoak dira.
Soinu-jotzailea pertsona bakarra izaten zen, gaita bikotea XVIII. mendearen erditik aurrerakoa da. XVIII. mendean atabalaria aipatzen da, aurreko urteetan ez bezala.
1707an gaitero baten izena ageri da: Juan Jiménez; (Eltziegoko biztanlea ote zen uste dugu,  ea parrokiako artxibategiko jaiotze eta heriotza agiriek argitzen diguten).
XVIII. mendearen erdia ongi joana da, dultzaina izena ordainketa batzuetan agertzerako eta gaita izenarekin txandakatuko da hurrengo urteetan.
Gaita - jotzailea  urtero agertzen zen Santa Isabel jaietan eta iraileko Ama Birjinarenetan, eta, batzuetan, prozesio eta dantzekin egiten ziren bederatziurren eta erreguteetan.


Gaita XX. mendean

Mende honen lehen erdialde guztian, iraileko jaietan zuten gaitariek hitzordu nagusia (dianak, karrika-dantzak, dantzaldiak eta dantzetarako soinua). Gaiteroak ondoko herrietatik, Villabuenatik eta Guardiatik, etortzen ziren; gaita izugarri garatu zuten bi herri, eta horietatik hedatu ziren eta eutsi zitzaien gure soinu eta dantzei eskualde guztian. 40ko urteak arte Villabuenakoek zuten lan hau egiteko ardura, ondoren Guardiakoak etortzen ziren zintzo-zintzo hitzordura.
Gaiteroen distira behera egiten ari zen unean, hain zuzen ere, (Perfecto Gilek jada ez zuen Villabuenan jotzen, Jesus Martinezek luze zeraman eri heriotzara eramanen zuen gaixotasunaren kontura), eta zail jotzen zenean musika-tresnaren etorkizuna eskualdean, orduantxe sortu ziren Eltziegoko Gaiteroak.

Eltziegoko dantzen euskarri izatea eta bertako musikaren inguruko jakin-mina izan zituztela hastapenetan esan  dezakegu. Jesús Fernández Ibañezek eta Juan Carlos Gómez Palaciosek osatu zuten lehenengo gaitero bikotea 1977an, danborrean Juantxu Gómez Palaciosek lagunduta. Hasierak, beti bezala, zailak izan ziren.
Urte gutxiren buruan Jesusek Eltziego utzi egin behar izan zuen, lan kontuak zirela eta, eta Juan Carlosek anaiaren laguntza izan zuen, gaita jotzeari ekin baitzion horrek. Danborrean José Luis Gallego hasi zen, eta zenbaitetan, Victor Marcos ere aritzen zen. Gero eta emanaldi gehiago zuten, eskualdeko beste dantza-talde batzuekin ere aritzen baitziren, eta, aldi berean, Euskal herriko ia festa guztietan parte hartzeko eskariak jasotzen zituzten (Gasteiz, Azpeitia, Azkoitia, Baiona, Bilbo, Iruñea, Donibane Lohitzune...) Bartzelonan, Villafranca del Penedésen, Madrilen, Sevillan, Tenerifen eta Najera/Naiaran eta Bruselasko antzinako musika jaialdietan ere aritu izan dira.
Gasteizko bandarekin, Elgoibarkoarekin, Guardiakoarekin, Eltziegokoarekin, Azpeitikoarekin... batera aritu izan dira kontzertuetan eta zenbait diskotan laguntzaile ere  izan dira. 1987an grabatu zuten lehen diskoa, ARABAKO DANTZAK. Bertan bildurik daude Guardia, Villabuena, Páganos eta Yecorako  dantzak. Lan hori 1993an burutu zuten, bigarren diskoa grabatu zutenean, ARABAKO D ANTZAK-II eta bertan ageri dira Eltziego, Kuartango, Oion eta Pipaongo dantzak. Lan hau egitean grabaturik utzi zituzten gaitarako Araban diren dantza guztiak, egun, bakoitza bere herrian jotzen diren bezala. 
1997an grabatu zuten hirugarren diskoa. Aurreko lanak Arabako dantzen bildumak izan baziren ere, hurrengo hau, alboko herriko gaiteroak izandako Guardiako NICOLÁS GARCÍA eta JESUS MARTÍNEZi eskaini zieten. Horretarako, Jesús Martínezek Nicolás Garcíarengandik jaso eta handitu zuen 760 partiturako errepertoriotik aukera egin zuten,  eta  garai hartan gehien erabiltzen ziren erritmoen artean 22 hautatu zituzten, bi musika-lan berritzailerekin batera: Gaita eta Bandarakoa bata eta Gaita eta Latindar Musika Talderakoa bestea.
Une hartan izan zuten “the latin gasteiz band” taldearekin elkarlanean aritzeko ideia. GAITEROS DE ELCIEGO & THE LATIN GASTEIZ BAND taldeak, Nicolas Garciari eskainitako diskoan elkarrekin arituak, gaitaren soinua eta haize-metal instrumentuak,  baxu elektrikoa, pianoa eta latindar perkusio instrumentu sorta zabala tartekatzen zituenak, zenbait kontzertu eman zituzten Euskal Herri guztian.  
Orain, 2003an beren 25. urteurrena ospatzeko eginen duten diskoaren lanketan ari dira. Era berean, garai honetan, beren errepertorioko partiturak jasoko dituen liburu bat argitaratzekotan dabiltza, 25 urte hauetan Eltziegoko gaitari gisa egindako ibilbidea ere jasoko duena; eta erakusketa bat egitekotan, zenbait argazki, pasadizo, prentsa artikulu, instrumentu, eta abarrekin. Horren guztiaren informazio zehatza izanen duzue webgune honetan.

Musikari hauen jardueraren berri zehatzagoa izateko lotunea egin Youtubeko   " Gaiteros de Elciego   kanalarekin.  

Santa Isabel Jaiak

Honela deitzen zaio uztaileren 2ko jaiari. Egia esan, ez du inolako zerikusirik Santu horrekin. Ustez, jai honen jatorriaren eta “independentziaren” arteko harremana, Eltziegon ospatzen zen banderaren nolabaiteko jai edo erritoren batean egon liteke.
Egun, jaia banderari eskaintzen  zaizkion ohoreetan datza. Hori izaten da ekitaldi guztien buru, eta gainerako guztia ere berak sintetizatzen du: herriaren izendapena, armarria, independentzia... Ekitaldi bitxi batean, bandera Udaletxearen kanpoko balkoitik eraisten  da eta zinegotzi sindikoak eramaten du prozesioan parrokiaraino kontsagrazio garaian aldarearen aurrean uzteko, benerazio eta begirune gisa.
Meza-ondoan, Pikotan (Herriaren Independentziaren Ikur) gaitariak eta dantzariak aritzen dira agintarien eta herri guztiaren aurrean. Gauez gazte giro aparta izaten da.

Plazako Ama Birjinaren omenezko jaiak

Herriko jairik nagusienak dira. Irailaren 8an da herriaren eguna. Aurreko igandean jaien iragarpena egiten da pertsona ospetsuren batek egiten duen Pregoiaren bitartez. “Los Ilustres” koadrila hasi zen ekitaldi hau antolatzen, 1988a aldera, eta etengabe antolatu zuten 2000. urtea arte, urte honetan udalak berak hartu zuen ekitaldiaren kudeaketa.

Hilaren 7an Lore Eskaintza egiten zaio Plazako Ama Birjinari eta ondotik jaiak iragartzen dituen suziria jaurtitzen da. Plaza Nagusian apaingarririk ederrenak jartzen dira, eta gure Barrihuelok ere, besoak jasota eta purua ezpainetan, bat egiten duen blusa gazteen zalapartarekin, nola ez bada,  eta guztion bistan joaten da Udaletxean jaitsi eta guztiok agurtu arte. Orduan musika banda, gaitariak eta buruhandiak plazatik ateratzen dira ohiko karrika-dantza egitera. 


Irailaren 8a da egun handia. Plazako Ama Birjinari eskaintzen zaio. Prozesioak, Meza Nagusiak eta zenbait eskaintzak, guztia musika giro bikainean, Gaitariek eta Dantzek, Bandak eta Agintari zenbait bertan izateak izaera berezia ematen diote egun honi, herriko biztanle bakoitzak berea bailitzan hartzen duen egun honi. Ospakizun honen antzinakotasunaren lekuko da 1885eko irailaren 6ko agiri bat. Entzierroek, dantzaldiek, lehiaketek eta zezensuzkoek alaitzen dizkiete egunak handi eta txikiei, hilaren 11 heldutakoan, Barrihuelok, nekaturik hau ere, “datorren urtea arte” esaten digu, guztion gogoko den  “Barrihueloren Hilobiratzea”izeneko ekitaldian, eta bertan festetan ikusi dituen pasadizo eta gora-beheren berri ematen du. (Azken hilobiratzea gozatu nahi baduzu, klikatu fitxategi-eranskina).

Pregoilariak

1988Javier Cameno (Kazetari eta Kultur-eragilea)
1989Antxon Urrusolo (Kazetari eta Telebistako Aurkezlea)
1990Juan Claudio Cifuentes (Telebistako Aurkezle, Jazz-en aditua)
1991Pedro Ruiz (Telebistako Aurkezlea)
1992Antonio Guerrero ("El Correo" Egunkariko Zuzendaria)
1993Miguel Durán (O.N.C.E.ko Zuzendari Nagusia)
1994Emilio Palacios (Madrilgo Complutense Unibertsitateko Irakaslea)
1995Patxi Antón (Idazle eta Gastronomoa)
1996Juanjo Mena Ostériz (Orkestra zuzendaria)
1997Camino Urdiain Martínez (Probintzia Artxiboko Zuzendaria)
1998Luis Hernández Sánchez (Osakidetzako Zuzendari Nagusia)
1999Alberto Schommer García (Argazkilaria)
2000Ángel Jaime Baró (Rioja Jatorrizko Kontseilu Erregulatzailearen Lehendakaria)
2001Fernando Savater (Filosofoa)
2002Emilio Guevara
2003Alfredo Amestoy
2004Gotzone Mora
2005Florencio Asenjo Contreras (Maisua)
2006Nerea Haig Santamaría ("Sustraia" Aldizkariko Zuzendaria)
2007Miguel Larreina (Guardiako Ardoaren Etxeko Zuzendaria)
2008Joseba Arregui (E. J.ko Kontseilari Ohia)
2009Unai Vergara Díez-Caballero (Futbolari Profesionala)
2010Jesús Fernández Ibáñez (Historiador, profesor)
2011Manuel Ruiz Hernández (Ingeniero técnico agrícola)
2012Gorka Aguinagalde (Actor y humorista vasco)
2013Gurutze Beitia (Actriz y humorista)
2014Gaiteros de Elciego
2015Maribel Salas y Santi Ugalde (Actores)
2016José Ramón Triana (Secretario Ayuntamiento Elciego)

 

Atxikitutako fitxategiak:

Entierro de Barrihuelo 2013

Deskargatu (PDF - 0.08Mb.)

Entierro de Barrihuelo 2012

Deskargatu (PDF - 0.10Mb.)

Entierro de Barrihuelo 2011

Deskargatu (PDF - 0.05Mb.)

Entierro de Barrihuelo 2010

Deskargatu (PDF - 0.08Mb.)

Entierro de Barrihuelo 2009

Deskargatu (PDF - 0.04Mb.)

Entierro de Barrihuelo 2008

Deskargatu (PDF - 0.04Mb.)

Entierro de Barrihuelo 2007

Deskargatu (PDF - 0.03Mb.)

Etxeen Tipologia

Eltziego Guardiako herrixka izan zen XVI. mendea ongi aurreratu arte. Garai honetako eraikinen batzuk kontserbatzen dira, baina erabat aldatuak, egun. Sarrera mantentzen dute, erdi-puntuko arkuarekin, eta batzuetan, oraindik ikus daiteke armarria, San Andresen gurutzea arkuaren giltzarrian duela. Antza denez, armarri honek, kofradiako kideren batena dela etxea adierazten du, herriaren sortzaile izan zirenen taldeko norbaitena, alegia. Antzina, hogeita hamahiru omen ziren sortzaileak, egun, ordea, hamaika edo hamabi baino gehiago ez  dira.

XVII. mendean “jauretxeak” eraikitzen hasi ziren, elkarren antzekoak denak. Guztiek funtzio berak betetzen zituzten, bai ekonomian, bai bertakoen bizitoki gisa.

Bloke-etxeak dira, trinkoak eta kubikoak, estaldura lau aldetara dutenak. Ongien kontserbatzen direnetan, hegalek, hegal hauek XVIII. mendea baino lehenagokoak ez dira izaten, landare motibo estilizatuak erabilita, ederki landutako zuburuak izaten dituzte.

Eraikin barrokoak hiru motatan tipifikaturik daude: nekazaritza edo artisautza etxeak, jauretxeak eta jauregiak. Azken hauek gehienetan distribuzio bera izaten dute. Beheko solairuan etxaldeak duen jardun ekonomikoarekin loturiko lekuak egoten ziren (aziendentzako ukuiluak, nekazaritza lanetarako tresnak eta biltegiak orokorrean). Eskailerak garrantzi handia zuen eta toki zabala hartzen zuen; argizuloa izaten zuen gainean eta solairuak lotzeko balio zuen. Lehenengo solairua eskaileraren inguruan zegoen banatuta.  Sukaldea oso garrantzitsua zen lehen solairuan, ez hala ere, etxebizitza eredu apalagoetan bezainbeste, oinarri-oinarrizkoa baitzen horietan; “Sala” ere nabarmena zen, jangela-logela handia zen eta atariaren gainean aurrealdera irekia; sala-logela itsua sistema ere, oso erabilia eta funtzionala zen, garai hartan. Batzuetan, hegoalderantz irekia zen galeria ere eraikitzen zuten.

Arabako Errioxa guztian,  kanpoko dekorazioa, armarrien eta, batez ere, burdinerien bitartez egina da. Burdineria hauek ez dira XVIII. mendea baino lehenagokoak izaten, eta aurreko ereduetatik kopiatuta egiten dira. Eltziegon badira horrelako lanen adibide bikainak, Casa de “los Hierros” izenekoa, besteak beste.

Navarrete Ladrón de Guevara Jauregia edo "Casa de los Hierros"

Plaza Nagusian, iparraldean dago. Francisco Manuel Navarrete Ladrón de Guevara, Mondoñedoko Apezpikua eta Burgoseko Artzapezpikua izandakoaren sortetxea da, eta parrokian, organoaren azpiko aldeko erretaula, berak aginduta egina da.

Jendeak “Casa de los Hierros” izena ematen diona, sekulako etxe barrokoa da, sotoa eta bi solairu dituena, eta izkina egiten duen balkoi jarraitu itzela du; Plaza Nagusitik begiratuta izugarria da balkoia. Burdinazko kartela bikainen gainean daude balkoiak, batzuetan ia-ia lurretik ateratzen diren kartelatan. Bertako errementaritza lana, ez Arabako Errioxa inguruan bakarrik, Euskal Herrian ere hoberenetakotzat hartua da. 

Kanpoko aldean zurginen lan nabarmena kontserbatzen da, 2 zenbakiari dagokion zatian, erlaitz landuaren gainean pausatzen diren teilatu-hegaleko zuburu landuetan. Hauxe da ongien kontserbaturiko zatia. Barnealdetik, denboraren joanean gehien galdu duen eraikinetakoa izan daiteke. Egun, Norte kaleko 2, 4 eta 6 zenbakietan dauden hiru etxebizitzetan banatua dago eta horrek barne-moldaketa asko baldintzatu du. Jatorrizko sarbidea 4 zenbakitik zuen; han eskailera arku beheratu batean hasten da, inposta landuetan finkatuta, eta erdian sabai-leihoa duen kupula ikusgarrian amaitzen da. Armarria, izkinako bi aldeak hartzen dituena, hegoa eta mendebala, geroagokoa da, eta apezpikuaren beraren armarria da, nahiz eta oinetxearen elementu nabarmenak ere izan, era xume eta estilizatuan.

Ramírez de la Piscina Jauregia

Ramírez de la Piscina-tarren hiriko jauretxea Barco kaleko 1 eta 3 zenbakietan dago, Plaza Nagusiko H-E izkinan. XVII eta XVIII. mendeetako bi jauregi barroko dira, kanpotik oso egoera onean kontserbaturik daudenak. Bi solairuko eraikinak dira, apaindurarik gabekoak eta herriko eta eskualdeko beste batzuk bezala, harlanduz eginak.  Burdin hesiteria kalitate  onekoa da bi eraikinetan, balkoietako sabai-aurreenak artaburu bikoitzeko barrote eraztundunak ditu, txapa muxarratuzko esku-banda eta kiribil bikoitzeko kartelak. Zurgin lana ere ona du, hala ikus daiteke teilatu-hegal landuetan pausatzen diren zuburu zizelkatuetan. Bi armarri ageri ditu aurrealdean, izkinan dagoena da Ramírez de la Piscina-tarrena. Barnealdearen distribuzioari dagokionez, mota honetako eraikinen ezaugarri guztiak ditu; eskailera kupula polikromatu itxurako sabai-leiho batek koroatzen du.
Upeltegi bat ere badu sotoetan, erdi-kanoiko gangak eta ganga zorrotzak kateatuta egina eta harlandu luzezko dobelatan amaitua; upeltegiaren galeria batzuk eraikinaren azpitik abiatu eta, kalea gurutzatuta, aurreko etxadian amaitzen dira. Eraikinen atzeko aldearen jatorrizko trazatua ere mantendu dute, eta han oraindik patioak daude ikusgai.
Jauregi hau Monumentu izendatu du Eusko Jaurlaritzak, Ondasun Kultural kategorian kalifikatua.

Zárate Nabar Jauregia

XVIII. mendeko jauregia da, Capitán Gallarza kaleko 14 eta 16 zenbakietan dagoena. Kanpoaldetik bi solairuko eraikina da, harlanduzkoa, errementari lan ederra du, kartela bozelduen gaineko alboko balkoietan ikus daitekeen bezalaxe; erdiko balkoi zoragarriak harrizko mentsulatzar ederra du oinarri, eta aurrealdean badu asimetrikoki kokaturiko armarri bat honako ele hauekin: Zarate Nabar.
Barnealdeak mota honetako eraikinen ezaugarri guztiak ditu (etxebizitza goiko solairuan, behekoan ukuiluak aziendentzat, etxaldearen lanketarako tresnen biltegia, etab.), atari enkatxatuak jauregian gailentzen den armarriaren ertzarekin marrazkia osatzen du, eskailera zabalak arku beheratu batean hasten dira. Egun, bi etxebizitzatan banaturik dago eta horrek aldaketak eragin ditu barnealdean, ez ordea, “Casa de los Hierros” delakoan bezain gogorrak.

Mapa

Atxikitutako fitxategiak:

Monumentu historikoak

Deskargatu (PDF - 0.86Mb.)

Pikota eta Gurutzadura

Pikota

“El Rollo” izenaz ezagutzen den tokian egon zen Pikota. Herriko alderik altuena da; han zegoen, zutabe honek adierazten zuelako Eltziegok bazuela justizia soziala eta zibila banatzeko eskumena, XVI. mendean Guardiatik independiente izatea lortu zuenetik. Independentziarekin batera, Felipe II.ak baimendu zuen Eltziego urkabea, labana, harrapagailua/artea eta pikota izateko, garaiko herrien autoritatearen ezaugarri gisa, hain zuzen ere..
Justizia rollo zilindrikoa eta, ohi den moduan, kono-enbor batek errematatua da pikota.

Gurutzea

Ez daiteke plaza honen inguruko ezer argitu, aldez aurretik, zenbait datu kontuan hartu gabe:
1.- Egun “Gurutze” edo “Crucero” gisa ezagutzen dugunaren jatorrizko kokalekua, eta antzina “Gurutze” deiturikoarena ez da oraingoa, Gurutzea, Villabuena, Navaridas eta Guardiako bidegurutzean baitzegoen.
2.- Gurutzearen kokalekua ez da bidegurutze bat egotearen ondorio (eta hortik letorke gurutzea), Kalbario bat izatearen ondorio baizik, eta gurutzea Kalbario horretako parte izanen zen, Villabuenako bidean. 
3.- Villabuenako errepidean bada Kalbario horren osagaietako beste bat ere, aski hondatua bera; hamalaugarren eta azken egonaldiaren ondoan jartzen zen hilobi-kapera txikia izan liteke, Kalbarioa bukatzean bertan otoitz egiteko; "los Huesos de Jesucristo” izenaz da ezaguna Eltziegon. Eraikin trinkoa da, harlanduzkoa eta hondatu antza dagoena. 3.36 x 1.54 eta 1.82 m altu ditu neurriak, eta, koroatzeko, behekoaz gora jarritako azpil itxurako estalkia. Kanpoko dekoraziotik kontserbatzen den bakarra bi horma-hobi dira, alde guztietan bina zulo biribil dituztenak, eta zertarako ziren ez dakigunak. Egun, berriztatuta dago eta hilerriaren ondoko lorategietara eraman dute, duen hilobi-izaera kontuan hartuta.

Gurutzeko Plaza

Gurutzeko Plazaren erdian, harrizko hiru mailaren gainean dago “Gurutzea” gainean  duen idulkia, egungo gurutzea Errepublika garaikoa bada ere, orduan suntsitu baitzen jatorrizkoa. Egun, atalik interesgarriena idulkia da, haren lau aldeetan grabaturik baitaude lau ebanjelarien irudiak; egoera txarrean daude, ordea, eguraldi txarraren ondorioz.
Erliebeak manierista estilokoak izan litezke, nahiz eta datu hau ziurtatzerik ez egon; Edozein modutan, 1705ean, jada, aipatzen zen Gurutzeak edergarriren bat egin  beharra zuela.
Plaza hau sindikoak, alkateak eta apaizak “buleroari” harrera egiten zioten tokian dago, Espainiako Primatuaren buldak ekartzen zituenean.

Udaletxea

Oinarrian, XVIII. mendean administraziorako euskal eraikin gehienak bezala eratu zuten. Ondokoan islatzen da: lehen solairu arkupeduna, arkuteria plazara irekia, erdi-puntuko sei bao korritu inpostadunez osatua; bigarren solairuan bulegoak daude, lau bao eta bi balkoi ederren bidez Plazara ematen dutenak, eta azken bi hauen artean Felipe II.aren Armarri  Inperiala dago. Eraikinaren alboetan bi ate daude, erdi-puntuko arkuen bidezko sarbidea dutenak, eta, garairen batean, aurreko udaletxeren batenak edo bereganatutako beste eraikinen batenak izandakoak izan litezkeenak.

Andre Mari Plazako Ama birjinaren Baseliza

Plazako Ama Birjinaren Basilika XVIII. mendeko eraikina da, aurreko beste baten gainean badago ere (ziur aski gotikoa, XIV. mendekoa). Aurreko garaietatik kontserbatzen den bakarra, Plazako Ama Birjinaren tailu eder bat da, “Andra Mari” itxurakoa.

Ganga esferaerdi formakoa da, nerbio ia barrokoek zatikatua. Nerbio hauek Espiritu Santuaren usoa zortzi aingerutxoren artean sartua duen medailoi batean elkarturik daude.
Eraikinaren oina irregularra da, eta barnean oktogono bat du, goiko pisuan lau arku zorrotz estuk eta erdi-puntuko beste lau zabalek, txandaka jarriek osatzen dutena. Barnean, estilo barroko dekadenteko, ia-ia rococoko, hiru erretaula daude ikusgai. Erretaula hauek zutabe korintoarrak dituzte; Alboetakoak San Antoniori eta San Joseri eskainiak dira eta erdikoa Plazako Ama Birjinari. Plazako Ama Birjinari debozio handia diote Eltziegon eta zaindariaren jaiak, irailaren 8an, haren ohoretan izaten dira.

San Andres parroki eliza

Eltziegoko San Andres parroki eliza Mayor ibaiaren bazterrean  dago, herriko Plaza Nagusitik urrun. Nibelatu ahal izateko izugarrizko plataforma eraiki behar izan zuten, ikusgarria ibaitik begiratuta.
Parrokian biltzen dira zenbait arkitektura estilo, hasierako gotikotik hasi eta sakristia berriko neoklasikoraino.
Eraikinak, XVI. mendean harlanduan eginak, ohikoa den bezala, aldare nagusiaren aldea ekialderantz du; kanpotik uniformea dela badirudi ere, kronologikoki ez da horrela. Barnealdean nabaritzen da ongien eraikinaren bilakaera estilistikoa eta kronologikoa. Elizak nabe bakarra du, izugarri handia, 40 m luze, 16 m zabal, gurutzaduran 26 izatera heltzen direnak, eta 18,5 m altu.
Arkitektura estilo zenbait erabili zituzten bertan. Lehenengo bi atalak, dorreetatik hurbilen daudenak, gotikoak dira, habe nerbiodunekin eta arku formero zorrotzekin; hirugarren atala klasikoagoa da, izan ere, habeei pilastra hegaldunak erantsi zizkieten eta haien gainetik sortzen dira izar-gangen nerbioak. Berpizkunde estilo garbiena duen atala gurutzadurakoa da, han erdi-puntuko lau parpain-arku dira gaineko izar konplikatuaren euskarri. Aldare nagusiaren ingurua hargintza lan izugarriko abside erdizirkularrak osatzen du, erabat arrakalatua bera. Sakristiara gurutzaduraren eskuineko aldetik sartzen da, eta horixe da, hain zuzen ere, sakristia neoklasikoa, parrokian azkena egin  zen obra.

Erretaula Nagusia
Erretaula Nagusia, XVII. Mendearen erdialdera egina, barrokoko lehen garaietakoa da eta baditu Berpizkunde garaiko eraginak ere, obra guztian ikus daitekeen bezala. Pintura geroagokoa da, XVIII. Mendearen hasierakoa.
Erretaulak basamentua, hiru atal eta atikoa ditu eta hiru kale eta lau kale artetan banatuta dago. Basamentuaren  egitura Berpizkunde garaikoa da eta santuen erliebeak eta bi panel ditu; azken horietan Jesusen Atxilo Hartzearen eta Gurutzea bizkarrean zuela Jesusen Erorikoaren eszenak ageri dira. Basamentuaren parte da, garai bereko sagrario bat ere, eta erretaula guztiko bi tailurik garrantzitsuenak dituena, San Pedro eta San Pauloren bi irudi erdi isolatu, hain zuzen ere.
Kale-arte guztietan apostoluen irudiak ageri dira, eta kaleetan, lehenengoan XIX. mendeko ekisaindua eta bigarrenean San Andresen irudia azaltzeaz gain, Deikundearen eta Jaiotzaren eszenak agertzen dira, Errege Magoen Adoraziorenak eta Egiptorako Ihesaldiarenak bigarrenean, Ikustaldiarenak hirugarren kalean, eta konposizio guztia koroatzeko, Betiereko Aita frontoi kurbatuan, eta haren gainean Kalbarioa.

Beste zenbait erretaula
Badira elizan beste erretaula batzuk ere, irudi dantza etengabea eta aldaketa ugari izan dituztenak. Gurutzadurakoak Aldare Nagusiaren garai berekoak dira eta egitura arkitrabatua dute. Santo Kristori eskainitakoa kalitate handiagokoa da eta basamentuan Zigorraldia eta Arantzazko Koroatzea ditu irudikaturik, bestea Arrosarioko Ama Birjinari dago eskainia.
Lehenengo atalak bi erretaula rococo ditu. Antza denez, bat, San Joseri eskaini zitzaion, egun, beste tailu bat badu ere; eta Andre Mari Doloretakoari eskainitakoa, hasiera batean San Juani eskaini zitzaion eta gero antzaldatu zuten. Honek basamentuan “tumbao” izeneko irudia zuen; Tailu oneko Kristo bat da, beso artikulagarriak dituena, eta  orain gutxi egindako berriztapenen ondotik, koruko atearen ondoan jarri dutena.
Bigarren atalean Apezpikuaren erretaula eta San Antoniorena deiturikoa daude, parrokiako artxibategian azken hau San Joakinena dela agertzen bada ere. Lehenengoa organoaren azpiko aldean dago eta bi mihise eta bi irudi isolatu ditu, geroago jarritakoak irudiak. Manuel Francisco Navarrete y Ladrón de Guevara jaunak ordaindu zuen, herriko seme eta Mondoñedoko Apezpiku eta Burgosko Artzapezpiku izan zenak.

Korua eta koruko aulkiteria
Eltziegoko korua plateresko estilokoa da eta arku beheratu baten gainean dago. Bere ikonografia pertsonaia klasiko eta santu batzuen bustoen medailoiek osatzen dute.
Eraikin guztiaren ildoari jarriki, xumea eta dotorea da, intxaurrondozkoa eta bi saiotan egina:
XVI. mendea: gehiena orduan egin zen; aulkiak lauak dira, bizkarralde xumekoak, goiko aldean zutabetxo arrakalatuz bereziak eta beheko aldean landare-dekorazioa dute.
XVIII. mendea: moldaketa txiki bat egin zuten, albo-panelak erantsi baitzizkioten, horietarik bi urre-koloreko panelez dekoratuak.

Pulpituak
Pulpituak XVIII. mendean eginak dira, bata bestearen irudiko, eta burdinazko balaustraz eraikitako balkonajea urre-koloreko xaflaz estalita dute, eta ahots itzulkin altu-altua.

Organoa
 XVIII. mendearen hasierakoa da, estilo klasikokoa eta hodi ugari falta bazaizkio ere, jardunerako moduan dago. Lehengo beste batzuk, eta ez oraingoa baino garrantzia txikiagokoak,  galdatzetik sortua da oraingo hau, eta duen tamaina puska dela eta, balkoi korritua egin behar izan zuten korutik bertara iristeko.

Margoak
Absideko hormak, gurutzadurakoak eta lehen atalekoak, gurutzadurako mihiseak bezalaxe, XVIII. mendean polikromatu zituzten, baina zeukaten egoera kaxkarra zela eta, haietako baten goiko erdia ezin izan zuten berreskuratu, berriztatu zutenean.

Dorreak
Dorreak portadaren bi aldeetan daude, eta beren oin pentagonal irregularra, eta zazpi arku beheratuk osaturiko “loggia” batek  koroaturiko arku handi batek elkartuak egotea, dituzte ezaugarri nagusi. Eskuinaldekoak, goiko aldean, harrizko balaustrazko balkoi korritua du, bertan ezkilak daude; eta pinakulu eta ertz koskadunak dituen kapitel piramidal batez koroatua dago. Ezker aldekoa estuagoa da eta irregularra hau ere; goiko aldean hegal balkonatua du eta kapitel bat, eraldatua ezkila bat jartzeko.

Ebroko bide naturala GR - 99

Euskara

Orriak