Elciegowww.elciego.es
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

USADIO ETA OHITURAK

Folklorea, ohiturak eta usadioak herri baten kultura ondarearen parte dira. Gure ustez denboraren joana litzateke gertakari hauen epaile. Usadio eta ohitura hauetako zenbait desagertu dira, beste batzuk, berriz, berreskuratu izan dira baten batean. Egutegiari segituta usadio eta ohiturak bi multzotan banatuta aztertuko ditugu: galdu direnak eta egungoak.

Eguberriak: Galdu direnen artean eskeak ditugu: mutil gazteek, kriskitin, eltzagor eta danbolin txikiez lagundurik, auzokoak Eguberrietan zoriontzen zituzten zenbait kopla kantatuta. Auzokoek gozokiren bat hartzera, moskatela edo, gonbidatzen zituzten mutil gazteak.
Egun egiten direnen artean honakoak ditugu: Eguberri egunean, Urteberri egunean eta Errege egunean, Gorriti musikagileak egindako Pastorela Meza alaia kantatu ohi da eta meza bukatuta, haurtxoa gurtu ohi dute.  

Kandelario eguna: Otsailaren 2an, Ama Birjinari kandela piztuta eskaini ohi zaio oraindik ere. Badira 1746ko datuak ohitura hau aspalditik egiten dela adierazten dutenak.

San Blas: Otsailaren 5ean, askotariko produktuak bedeinkatzen ditu apaizak, Santuak eztarriaren kontrako gaixotasunetatik libratuko dituelakoan.

Santa Águeda: Aspaldian, meza-laguntzaileek eskea ohi zuten Santuaren iruditxoa zeramatela, eta otsailaren 4ko gauean bildutako guztiarekin egiten zuten afaria (gehienetan txorizoak eta arrautzak izaten ziren). 1671ko artxibategietan bada jada ohitura zahar honen berri.

Orakunde: Ohitura hau gero eta garrantzitsuago bihurtzen ari da. Ostegun Gizen  izenez ere ezaguna da. Kartak banatu egiten dira eta bateko urrea (la polla) jasotzen duenaren etxean askaria egiten da, ohiko txorizo tortilla. 

Aste Santua: Data hauetan, tradizioen artean nabarmentzekoa da Erramu egunean egiten zen eskaintza: neska-mutikoek erramuak, gozokiz beterik, eramaten zituzten eta aldi berean, agintariek palma hosto batzuk, geroago, ekaitzetatik babesteko balkoietan jartzen zirenak.

Ostegun eta Ostiral Santuak prozesio egunak izaten dira.

 “Otsoak”, familiaka imajinak eramaten dituzten mozorrodunak dira eta Andre Mari Doloretakoa, Etzana, Nazaretekoa, Santo Kristoa, etab. ateratzen dituzte. Aspaldian, Ostegun Santuan, 48 lauko txiki errezitatzen zituzten  eta 25 eresi Ostiral Santuarekin. Azken hauek honako leloa zuten:

Llorad, pues ojos míos,
Llorad por vuestro amado

Egun, bertso hauek berriz ere errezitatzen hasiak dira; berdingabeak eta izengabeak dira eta pasioaren gertaera ederki deskribatzen dute.

Aspaldian, Ostegun Santuan, Dizipuluen Egitea antzezten zen: 12 mutikok, gehienetan Lehen Jaunartzea urte horretan bertan egindakoek, lepoan zapi zuria eramaten zuten ezaugarritzat. Goizean, Gurutzaduran zegoen gurutzearen oinarria apaintzen zuten. Bertan, arratsaldean, prozesioan, galtzada-harri itxuraz arretaz moztutako belar zati zenbaiten azpian belauniko jartzen ziren. Behin elizan sartuta, oin-garbiketa egin bitartean, Judas irudikatzen zuen mutikoaren zapata ezkutatzen zen. Honek etsi-etsian bilatzen zuen zapata aldare inguruan, eta denek trufa egiten zioten. 

Beste ohitura bitxi bat zen asteazken, ostegun eta ostiral Santuan matrakak erabilita zarata egitea. Miserereren geldialdi bakoitzean kandela bat itzaltzen zuten. Azkena itzalitakoan, matrakak eta karrakak mugitu eta ostikoak jotzen zituzten zoruan. Zarata izugarria izaten zen. Honek guztiak irudikatu nahi omen zuen Lurrak ikaratuta sortu zuen dardara eta burrunba Jaungoikoa hil zutenean.   

Judas: Galdutako ohitura hau interesgarria da oso herri osoak hartzen baitzuen parte. Agiri eta dokumentazio ugari dago kapitulu honen inguruan. 1917ko apirilaren 8an egin zen azkeneko aldiz “Judas” Eltziegon. Antza denez, ekitaldi honen data, bat zetorren Pazko Igandearekin.

Antzezpen hau benetako tragikomediatzat har daiteke eta bertan protagonista Judas zen. Beste zenbait pertsonaia hauek ziren: ordena gordetzeko arduradunak, pistoloak, mazodunak eta zaldizkoak, pregoilari bat, aguazila. -kapela luzea eta usierraren jertse mahuka motza zeramatzana-, salatari publikoa, abokatu defendatzailea eta epailea, baita negartia ere; honek negar zotinka “lagun txarrekin ibiltzeagatik” oihu egiten zuen, postaria; hau zalditxo zuri baten gainean plazatik gurutzadurara ibiltzen zen joan-etorrian; eta Aita Predikaria; honek elizgizon soinekoa jantzita,  ageriko akats guztiak bistaratzen zituen bere isekazko eliz hitzaldi ospetsuan.

Azkenean, prozesu osoa bukatuta, ihesaldi eta harrapatzeak eta negarraldiak eta izuak eta dardarak pasatuta, zigor epaia ematen zuten: “Reus est mortis”. Judasen ordez panpina jarri eta hau urkatu eta erretzen zuten.

Antzezpen honen guztiaren atzean “gaizkia garbitzearen” esanahi sakona zegoen. Herriko auzokideen akatsak agerrarazten ziren, izena eta abizenak aipatuta, baina inolako asmo txarrik gabe eta umore onean beti.
 



Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2008 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz
Partekatu:
Azkeneko galeriak: Argazki galeria
Informa zaitez:
Newsletter-ean alta: