Elciegowww.elciego.es
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

DANTZAK

Egun Eltziegon kontserbatzen den folkloreko bitxirik hoberena, zalantzarik gabe, irailaren 8an, urtero, herriko jendeak zaindariaren begirada finko eta irribarretsuaren aurrean, hutsik egin gabe, dantzatzen dituen bertako dantzak dira. Musika doinuetan biltzen den jendearen sentipenen eta erlijioaren nahasketa berezi honi, eutsi egin dio gure herriak orain arte, bere izatearekiko maitasun eta leialtasun handienaz eutsi ere. Saiatuko gara, zertzelada handitan bada ere, alderdirik interesgarrienak azaltzen eta garatzen, bai etnografoarentzat, bai jakin-mina duenarentzat, eta edozein herritarrentzat, inolako logismo eta ikerketarik gabe, urtero, barne indar batek bultzatuta, bere dantzak ikustera eta bere gaitariak entzutera joaten den horrentzat.  

Orain gutxi arte, eskualdeko gaitariek, Villabuenakoek eta Guardiakoek bereziki dantzarazi dituzte erlijiotasunez jantzitako gorputzak. Azken aldian, gure herrikoek egiten dute lan hori. Zortzi neskak dantzatzen dituzte egun gure antzinako dantzak, “cachimorro”k zuzendu eta animaturik. Mugimendu azkarrek, zakarrek une batzuetan, baina beti erritmiko eta simetrikoek, gogorarazten digute, beren gazte garaian, herriko zaharrenek dantzatzen zituztela dantza horiek, eta egun ahazturik dauden beste batzuk ere bai.Urteak joan ahala, atzean utzi zituzten makilak, barriken cello apainduak eta dantzak edertzen eta arrimatzen zituzten kolore askotako xingolak. Denboraren joanak menderatu ez duen bakarra cachimorro mistiko eta isekaria izan da. Agian bere paper gidari eta gogor horrek, bide gutxiago eman zien aldaketa femenino eta apainagoei.

Azken 50 urte hauetan, bost dantza egin eta finkatu dira Eltziegoko dantza gisa:

Karrika-dantza: Plazako Ama Birjinari parrokiaraino joan-etorrian laguntzeko erabiltzen da. Gainerako dantzen sarrera eta amaiera gisa ere erabiltzen da.

Dantza: ”V” itxurako koreografia batekin hasten da eta zortzi itxurako piko batzuk egin ondoren, besoak luzatuta, lurrarekin paralelo, eta  batzuek besteen aurrean jarrita bukatzen dute.

Lau kaleen dantza: Makil-Dantzaren egitura garbia du eta lau aldiz ere errepikatzen da, gurutzatze eta desgurutzatze saio etengabean.

Zuhaitza: Dantza ikusgarria eta bakarra Euskal Herri guztian. Zinta Dantza bada ere, honetan ez dira zintak lotzen, zuhaitzetik zintzilik uzten dira. Dantzariak belaunikatzen joaten dira eta zuhaitza besarkatzen dute, eta azkeneko zintak zintzilik utzi ondoren hasierako tokietara itzultzen dira.

Jota: Honen egiturak ez du zerikusirik aurrekoenekin. Dituen urteei garrantzia kenduta, oso dantza herrikoia da eta besteen maila berean dago.

Nor dira dantzariak ?

Egun, dantza taldea, cachimorroak eta zortzi neskak osatzen dute. Lehen zortzi mutil, cachimorroa eta makilaria. Lehen esan dugun bezala, gizonezkoen dantzak dira, mugimendu azkar eta zakarrak dituzte, batere femeninoak ez direnak. Mutilak izatetik neskak izatera aldatzeak azalpen erraza du:
Gure herrian, eta gure ustez ingurukoetako gehienetan ere bai, errazagoa da neskak aurkitzea mutilak aurkitzea baino.
Berrogeiko urteetan, sección femenina zelakoak hartu zuen gerra garaian egiten ez ziren dantzak berreskuratzeko ardura, eta taldea egiteko garaian neskekin egin zuten, zortzi neska eta cachimorroarekin.

Janzkera

Antzina, mutilek alkondara zuria eta galtza zuriak janzten zituzten festa bezperan. Festa egunean, lentejueladun azpiko gona zuria gehitzen zioten. Horrez gain espartinak, zapi edo gerriko gorria gorputza gurutzatuz, chorongo izeneko zapia buruan (albaka adartxo bat izaten zuena apaingarri gisa) eta Eltziegon ziren zortzi kofradietako eskapulario bana dantzari bakoitzak, beraz, kofradia bakoitzak dantzari bat jartzen zuen. Egun erabiltzen duten arropak alde handia du jatorrizkoarekin. Azalpena honakoa da:
1945ean, Eltziegoko dantzak Madrilen izan ziren, Feria del Campo zelakoan. Garai hartan, taldea sortu berria izaki, gizonezkoen arropak emakumezkoei egokitu behar zitzaizkien, eta abilezia handiz egin zuten, honela egin ere: Mutilen gorputza gurutzatzen zuen zapia edo zinta, zetazko xal bihurtu zuten, oso modan garai hartan, eta Madrilen zer esanik ez. Azpiko gona zuria, aukera hartarako Villabuenakoek utzitako batekin ordezkatu zuten. Galtza zuriak belaunetarainoko kankan bihurtu ziren, parpaila eta xerra ikusgarriz errematatuak. Azkenik, alkandora zuria blusa zuri bihurtu zen, lepoan eta eskumuturretan parpailak eta xerrak agerian zituena. Garai bateko gizonezkoen jantzian aldatu ez zen bakarra, espartinak eta buruko zapi gorria izan ziren.
Katximorroak, taldeko gizonezko bakarrak, traje estanpatua eta koloretsua, zinta zabalak,  lepoan eta gerrian, kaskabiloekin errematatuak dituena, eta puntan amaituriko txanoa ditu jantzita. Muturrean koloretako zinta sorta duen makila erabiltzen du dantza zuzentzeko, eta hanka eta oinetan, kolore ezberdineko espartin eta galtzerdiak, batean kolore batekoa eta bestean bestekoa. Pertsonaia dantzan ikustea aski da, makilari papera egiten duela eta dantza zuzentzen duela jakiteko, eta, aldi berean, cachimorroak bezala, bufoi jantzita dagoela. Ez dakigu noiz irentsi zuen pertsonaia batak bestea. 
 



Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2008 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz
Partekatu:
Azkeneko galeriak: Argazki galeria
Informa zaitez:
Newsletter-ean alta: